AKILESEN ZURDAREN TENDINOPATIA
Akilesen zurda hankaren behe-atzealdean kokatzen da, orkatilaren parean. Kalkaneo hezurrean txertatu egiten da orpoaren gainean eta horrela hanka eta oina anatomikoki eta funtzionalki konektatzen ditu. Zurda honek bikiaren barneko eta kanpoko aldeak eta soleoa uzkurtzerakoan sortutako indarra oinera transmititzen du. Indar hau nagusiki oin puntetan jartzerako egingo dugu, oinazpiko tolesa ematen denean. Tolesa honetaz aparte, zurda honek gorputza aurrera propultsatu eta inguruan barrena aurrera mugitzen laguntzen du. Gorputza aurrera bultzatzerakoan zurda honek jasandako gehiegizko tentsioa ohikoa da zenbait kirolarietan, bereziki aldapan gora korrika edo horman gora egitera behartuta dauden horietan.
Zurda honek daukan funtzio garrantzitsua dela eta, Akilesen zurdaren tendinopatia kirol munduan oso ohikoa den lesio bat da, izan ere, goi mailako kirolarien %7-9 ematen da. Kaltetuenak korrikalariak, saskibaloi jokalariak, dantzariak eta antzeko kirola praktikatzen dutenak izan ohi dira. Normalean entrenamendu bitartean agertzen da noizbehinkako min moduan baina kaltea aurrera egin ahala mina jasanezina izatera hel daiteke.
Endekapenezko gaitz hau zurdan aplikaturiko karga konstante batek eragiten du. Karga hau faktore ezberdinetara lotuta dago, hala nola, faktore mekanikoei (gehiegizko erabilera) edota biologikoei (sendaketa eza). Faktore hauek zurdaren narritadura ekar lezaketen zenbait egoerengatik eraginda egon daitezke, adibidez, oin laua izateagatik edo okertutako belaunak. Era berean, gaixotasun edo nahasmendu metabolikoa daukaten pertsonek gaitz hau jasateko aukera gehiago dituzte.
Lehen esan bezala, sintomak lehenbiziko aldiz entrenamenduaren hasieran edo bukaeran agertzen direnez, kargaren araberakoak izatea litzateke arrazoirik arruntena. Horregatik, seinu eta zantzu ohikoenak hurrengoak izango dira:
- Entrenamenduaren kargaren araberako eta prozesu akutuetan deskantsuarekin gutxituko den orpoko mina
- Eskailera igo edota aldapan gora ibiltzerakoan agertzen den mina.
- Ikutzerakoan handituta, lodituta eta azalaren gorritze arina daukan Akilesen zurda.
- Orkatilaren atzeko gunearen sentsibilitatea.
Lesio honen aurrean burututako tratamenduak minaren sintomatologia murriztera bideratuta daude. Fisioterapia mailan bilatzen duguna minaren eragilea da, hau da, tendinopatiaren garapena eragin duen zergatia bilatzen dugu.
Faktore eragileen balorazioaren ostean, hauek normalean biomekanikoak izanik, tratamendu aktibo zein pasiboak garatzen dira. Tratamendu hauekin minaren murriztea, hankaren atzealdeko giharreriaren entrenamendu progresiboa, ibiltzeko eraren zuzenketa etab. bilatuko da.
Erreferentziak
- Kovanur Sampath, K., Mani, R., Katare, R., Neale, J., Cotter, J. and Tumilty, S., 2022. Thoracic Spinal Manipulation Effect on Neuroendocrine Response in People With Achilles Tendinopathy: A Randomized Crossover Trial.
- Grävare Silbernagel, K., Malliaras, P., de Vos, R., Hanlon, S., Molenaar, M., Alfredson, H., van den Akker-Scheek, I., Antflick, J., van Ark, M., Färnqvist, K., Haleem, Z., Kaux, J., Kirwan, P., Kumar, B., Lewis, T., Mallows, A., Masci, L., Morrissey, D., Murphy, M., Newsham-West, R., Norris, R., O’Neill, S., Peers, K., Sancho, I., Seymore, K., Vallance, P., van der Vlist, A. and Vicenzino, B., 2022. ICON 2020—International Scientific Tendinopathy Symposium Consensus: A Systematic Review of Outcome Measures Reported in Clinical Trials of Achilles Tendinopathy.
- Jones, E. and Hogrefe, C., 2022. Tendinopathy and Bursitis. Northwestern Scholars. Available at: <https://www.scholars.northwestern.edu/en/publications/tendinopathy-and-bursitis-10>
- Fisioterapia-online.com. 2022. Tendinitis de aquiles o aquilea. Available at: <https://www.fisioterapia-online.com/tendinitis-de-aquiles-o-aquilea-que-es-causas-sintomas-diagnostico-tratamiento>