sorbalda izoztua
Sorbalda izoztua 40-65 urte bitarteko biztanleriaren % 2-4ri eragiten dion patologia da, eta ohikoagoa da emakumeengan gizonengan baino. Gainera, diabetesa pairatzen duten pertsonekin lotzen da.
Patologia hau, minarekin eta sorbaldako mugikortasun-galerarekin (aktiboa zein pasiboa) agertu ohi da eta jatorri idiopatikoa dauka. Hainbat dira “sorbalda izoztua” eragin dezaketen eragileak, sorbaldan bat-batean agertzen den mina kasu, batez ere artikulazio horren kanpoko errotazioa mugatzen duena. Beste eragiletako bat sorbaldan emandako gertaera traumatikoa da zeinaren ondorioz, artikulazioa zurrundu eta min ematen duen, mugimendua eragotziz. Oso patologia mugatzailea da eguneroko keinuei eragin baitiezaieke, hala nola janzteari, orrazteari edo hortzak garbitzeari.
Min hau hiru fase desberdinetan garatzen dela esan genezake. Lehenengo fasean, “izozte-fasea” izenekoa, sorbaldak min handia ematen du eta ondorioz giltzaduraren zurruntasuna asko handitzen da. Bigarren fasean, sorbalda erabat izoztuta edo geldirik dago, atsedenean mina gutxitu egiten da baina mugitzerakoan mina agertzen da. Azkenik, hirugarren fasea “desizozte fasea” izango litzateke, non mina gutxitu egiten den mugimendua dagoenean eta zurruntasuna desagertu egiten den.
Patologia honetan agertzen den beste arazoetako bat tentsio kapsularra da. Kapsula, sorbaldako artikulazioa estaltzen duen ehun bat da, berau trinko mantenduz. Atzealdeko kapsulari dagokionez, gehiegizko tentsioa egonez gero sorbaldaren barne-errotazioa murriztu egiten da. Gainera, sorbaldaren mugimendua gutxitzean, eskapula-erritmoa ere gutxitzen da, hau da, eskapulak toraxaren gainean egiten duen mugimendua murrizten da, sorbaldaren mugimenduak erraztuz.
Beraz, patologia honen errehabilitazioari dagokionez, sorbalda, eskapula eta bien artean dagoen harremana tratatu beharko lirateke. Norabide guztietan mobilizazioak eginez eskapularen mugimendua berreskuratu eta sorbaldako kapsula malgutu giltzaduraren mugimendu aktiboa eta pasiboa berreskuratzeko. Gainera, besoaren funtzionaltasuna berreskuratzeko indar- eta mugikortasun-ariketak egitea ezinbestekoa izango da.
Beti bezala, balorazio egokia egitea ezinbestekoa da lesioaren jatorria ezagutzeko eta, horrela, horren araberako tratamendua egiteko.
ERREFERENTZIAK
- Which method for frozen shoulder mobilization: manual posterior capsule stretching or scapular mobilization? Duzgun I, Turgut E, Eraslan L, et al. J Musculoskelet neuronal interact. 2019
- Effect of propioceptive neuromuscular facilitation technique on the treatment of frozen shoulder: a pilot randomized controlled trial. Lin P, Yang M, Huang D, et al. 2022
- Manipulation under anestesia versus physiotherapy treatment in stage two of a frozen shoulder: a study protocol for a randomized controlled trial. Kraal T, Boer R, Van den Borne M, et al. 2017