PUBALGIA
Pubalgia edo pubiseko osteopatia oso patologia arrunta da futbolarien artean. Futboleko lesioen %4 eta %19 bitartean pubisarekin zerikusia daukate. Elite mailan, 5 jokalaritik 1ek gutxi gorabehera, pubisean lesioren bat izaten du denboraldian zehar. Errekuperazio-tarteak 6 hilabete ingurukoak dira. Futbolaz gain, etengabeko balaztatzeak eta azelerazioak dituzten kirol askotan agertzen den patologia da.
Pubiseko minaren jatorri ohikoenak honako hauek dira: giharreria hurbiltzailearen edo abdomeneko zuzenaren tendinopatia, pubis aldeko hezur-edema edo iztai-kanalaren atzeko paretaren haustura (kirolariaren hernia).
Baina, zergatik ematen dit min pubisak?
Faktore askok eragiten dute pubiseko minean. Ohikoena eta zabalduena gihar hurbiltzaileen (hankaren barrualdeko gihardura osatzen duten giharrak) eta abdomeneko giharren arteko desoreka da. Futbola bezalako kiroletan baloia jotzen denean, indar-oreka bat egon behar du abdominalaren eta hurbiltzaileen artean, izan ere, baloia jotzerakoan hurbiltzaileak egiten duen indarra eta abdominalak gorputza egonkortzeko aldi berean egin behar duena pubisera doaz zuzenean, alde hau baita bi giharren puntu komuna.
Horretaz gain, malgutasun gabezia giharretako lesioentzako arrisku-faktorea dela frogatu da. Kontuan izan beharko dira ere pertsonaren mugikortasuna, haren muskulaturaren malgutasuna eta artikulazio desberdinetan dauden mugak. Izan ere, pubiseko lesioaren arrisku-faktoreen artean orkatilaren bizkarraldeko flexioaren ezintasuna eta aldakaren flexio edota kanpoko errotazio murritza aurkituko ditugu.
Zer egin dezaket patologia hau saihestu edo arintzeko?
Hainbat ikerketetan frogatu den bezala, behe-gorputzadarraren indartze-lanak eta abdomeneko giharren kontrolak emaitza esanguratsuak dituzte patologia honetan. Batez ere hurbiltzaileen lanketa espezifikoa fase eszentrikoan egiten denean.
Horregatik, oso garrantzitsua izango da diagnostiko diferentzial on bat egitea eta paziente bakoitzarentzako tratamendua eta ariketak indibidualizatzea.
Jarraian, pubalgia lantzeko ariketa bat proposatzen dugu. Patologia hori izan dezakezula uste baduzu, profesional bateri kontsultatzea gomendatzen da.
BIBLIOGRAFÍA
- Alonso-Fernández D, Fernández-Rodríguez R, Taboada-Iglesias Y, Gutiérrez-Sánchez Á. Effects of Copenhagen adduction exercise on muscle architecture and adductor flexibility. International Journal of Environmental Research and Public Health. 2022;19(11):6563. doi:10.3390/ijerph19116563
- Schöberl M, Prantl L, Loose O, Zellner J, Angele P, Zeman F, et al. Non-surgical treatment of pubic overload and groin pain in amateur football players: A prospective double-blinded randomised controlled study. Knee Surgery, Sports Traumatology, Arthroscopy. 2017;25(6):1958–66. doi:10.1007/s00167-017-4423-z
- Kuikka L, Hermunen H, Paajanen H. Effect of pubic bone marrow edema on recovery from endoscopic surgery for athletic Pubalgia. Scandinavian Journal of Medicine & Science in Sports. 2013;25(1):98–103. doi:10.1111/sms.12158
- Harøy J, Clarsen B, Wiger EG, Øyen MG, Serner A, Thorborg K, et al. The adductor strengthening programme prevents groin problems among male football players: A cluster-randomised controlled trial. British Journal of Sports Medicine. 2018;53(3):150–7. doi:10.1136/bjsports-2017-098937