ORKATILAKO ZAINTIRATUA
Orkatilaren alboko zaintiratua ohiko lesio muskuloeskeletikoa da, populazio orokorrean zein kirolarietan prebalentzia handikoa. Orkatilako lesio traumatiko guztien %40 inguru kirol-jarduera egiten den bitartean gertatzen dira.
Normalean, orkatilak bere posizio neutrotik mugiarazten duten trakzio-indar ezberdinak jasaten dituenean gertatzen da zaintiratua eta ondorioz, distentsio edo lotailu baten edo gehiagoren urratze partzial edo osoagatik lesioa sortzen da.
Argazkia: https://medlineplus.gov/spanish/ency/esp_presentations/100209_1.htm
Lesio honen ostean, pertsona askok orkatilako ezegonkortasun kronikoa garatzen dute sintomarik ohikoenak mina eta hantura direlarik. Sintoma hauek gainera, zaintiratu errepikakorrak eragin ditzakete lehenbiziko aldiz gertatu eta hurrengo 12 hilabetetan zehar gutxienez.
Errekuperaziorako pronostiko zehatza ezartzea lan zaila izaten da lesio mota guztietan. Horregatik, hala lehenengo gertaeraren konplikazioak nola lesio berri bat izateko aukerak ekiditeko garrantzitsua da prebentzio-neurriak hartzea. Tratamendua hasierako ebaluazio batekin hasi behar da, epe laburrerako zein luzerako tratatze-estrategiak egoki aukeratuz bai eta eguneroko bizitzako edota kiroleko ohiko jardueretara berregokitzeko jarraibideak ere.
EPE LABURRERAKO PRONOSTIKOA
Lesioa 8 aste edo gutxiago dituenean baloratzen da. Errekuperazio funtzionala aurresateko helburuarekin, lesioaren larritasuna eta kaltetutako hankaren beraren pisua jasateko gaitasuna hartu behar dira kontuan.
Lehenengo bi asteetan mina ager daiteke. Hala ere, min hori ez da aldagai esanguratsua izango epe laburreko pronostikoa aurreikusteko garaian.
Orkatilako hiru zaintiratu gradu daude:
- gradua: lotailuak luzatuta daude.
- gradua: lotailuak partzialki urratuta daude.
- gradua: lotailuak erabat urratuta daude.
Azken hauek odol-hodi txikien urradurei lotuta egon ohi dira. Horren ondorioz, odola odol-basoetatik azaleko ehunetara ateratzen da, larruazalaren kolorean aldaketak ikus daitezkelarik.
EPE LUZERAKO PRONOSTIKOA
Epe luzerako ondorioak (2-4 hilabete bitartean) minak, lesio-mekanismoak eta pertsona bakoitzaren jarduera funtzionalaren mailak markatzen dute. Faktore determinatzaile horiek guztiek susperraldian eragina izan eta etorkizunean lesioak errepikatzeko arriskua areagotu dezakete. Beraz, garrantzitsua da denbora guzti horretan zehar eragitea.
Traumatismoa izan eta urtebetera, paziente askok mina izan dezakete (%5 eta %46 artean), errezidibak izan ditzakete (%3 eta %34 artean) edo ezegonkortasun-sentsazioa izan dezakete (%33 eta %55 artean).
Mina irauteak lotura izan dezake lesioaren larritasunarekin, lesionatutako lotailu-kopuruarekin edo hezur-hanturaren presentziarekin. Hala ere, kasu askotan ez da egitura-aldaketarik ikusten, eta beraz, egituralak ez diren faktoreak daude epe luzeko minarekin lotuta.
PREBENTZIOA
- Ariketa fisikoa egin aurretik beroketa ariketak egitea.
- Egingo den aktibitateari egokitutako eta prestatutako kirol-oinetakoak erabiltzea.
- Takoi altuko zapaten erabilera murriztea.
- Muskulu-indar eta -flexibilitate egokia mantentzea.
- Egonkortasuna lantzea, oreka-ariketekin adibidez.
ERREFERENTZIAK
- Halabchi, F. and Hassabi, M., 2021. Acute ankle sprain in athletes: Clinical aspects and algorithmic approach.
- Kaminski, T., Hertel, J., Amendola, N., Docherty, C., Dolan, M., Hopkins, J., Nussbaum, E., Poppy, W. and Richie, D., 2013. [online] Nata.org].
- Mendonça, L., Schuermans, J., Wezenbeek, E. and Witvrouw, E., 2021. Worldwide Sports Injury Prevention.
- Vuurberg, G., Hoorntje, A., Wink, L., van der Doelen, B., van den Bekerom, M., Dekker, R., van Dijk, C., Krips, R., Loogman, M., Ridderikhof, M., Smithuis, F., Stufkens, S., Verhagen, E., de Bie, R. and Kerkhoffs, G., 2021. Diagnosis, treatment and prevention of ankle sprains: update of an evidence-based clinical guideline.