TENDINOPATIA GLUTEA
Tendinopatia gluteoa, trokanteritisa edo “ipurmasaileko minaren sindromea” bezala ezagutzen dena, ipurmasaileko tendoiek trokanter nagusian dituzten txertaketen hantura da. Min honek, %10-%15eko prebalentzia du eta ohikoagoa da 50 urtetik gorako emakumeetan, 4tik 1ek patologia hau pairatu baitezake. Normalean, ipurmasail ertaineko eta ipurmasail txikiko tendoiari eragiten diote, baita “bursa trokanterikoari” ere.
Sintomatologiari dagokionez, patologia honek mugatu egiten ditu eguneroko bizitzako jarduerak, mina sortzen baita femurraren buruaren inguruan ukitzean, esertzean, ibiltzean, eskailerak igotzean edo mindutako aldearen gainean etzatean. Bestalde, aldakaren mugimendua balioztatzean, giltzadura horren barne-errotazioa mugatuta dagoela antzemango da.
Patologia hau eragiten duen minaz ari garenean, gauean eta denbora luzez zutik egotean ager daitekeen mina dela esango dugu. Batzuetan, gerrialdeko patologiaren batekin nahas daiteke, hankatik hedatutako mina edo parestesiak egon ohi direlako.
Bestalde, trokanteritisa garatzeko aukerak areagotzen dituzten hainbat faktore daude. Batetik, badakigu patologia hau ohikoagoa dela emakumeetan gizonezkoetan baino. Gainera, belaunetan patologiak dituzten pertsonek (osteoartritisa kasu) ipurmasaileko tendinopatia hau gara dezakete, ipurmasail ertaina belauneko giltzadura egonkortzen duen muskulua baita.
Azkenik, deskribatzen ari garen tendinopatia honen tratamenduari dagokionez, epe luzera eraginkorrena, hainbat ariketa eszentrikotan (indarra egin ondoren eutsi egiten zaio) edo isometrikotan (indar konstantea mantentzen da, hartzen dugun objektua mugitzeko asmorik izan gabe) oinarritutakoa dela frogatu da. Ariketa horiek guztiak ipurmasaileko edo aldakako gihardurarenak izango dira, tendoi-aldean fokalizatuko direlarik beti. Ariketa horien helburua aldakaren giltzadura egonkorragoa egitea izango da eta aldi berean, gihardura indartzea, etorkizunean berriro inflamazioa ager ez dadin, izan ere, tendoietako patologien bilakaera luzea eta aspergarria izan ohi da.
Beti bezala, patologiaren balorazioa egin beharko da, pertsona bakoitzarentzat egokiena, eraginkorrena eta indibidualizatua izango den tratamendu bat aukeratu ahal izateko.
ERREFERENTZIAK
- Gluteal loading versus sham exercises to improve pain and dysfunction in postmenopausal women with greater trochanteric pain syndrome: a randomized controlled trial. Ganderton C, Semciw A, Cook J, et al. Journal of womens health. 2018
- Education plus exercise versus corticosteroid injection use versus a wait and see approach on global outcome and pain from gluteal tendinopathy: prospective, single blinded, randomised clinical trial. Mellor R, Bennell K, Grimaldi A, et al. 2018
- Imágen: https://www.elsevier.com/es-es/connect/medicina/musculos-de-la-region-glutea-funciones