TENIS UKONDOA
Alboko epikondilalgia, hizkera arruntean “tenis ukondo” bezala ere ezagutua, 35 eta 55 urte bitarteko biztanleria aktiboan ematen den ohiko gaitz muskuloeskeletikoa da. Biztanleriaren %40ri eragiten dio bizitzan behin gutxienez, %1 – %3 prebalentziarekin. Alboko epikondilalgiak normalean carpi radialis brevis hedatzailea eta eskumuturreko hedatzaileen tendoi komuna bere hurbileko lotunean inplikatzen ditu. Normalean, baita ere, lehen aipatutako adin-tarte horretako pertsonei maizago eragiten die euren alde nagusi edo dominantean.
Tenis ukondoa, ukondoaren alboaldeko minari egiten dio erreferentzia eta ohikoa da eskuzko lan errepikakorrak egin behar dituzten pertsonetan eta kirolarietan agertzea. Patologia honek modu askotan eragin diezaioke pertsonen bizitzari, objektuak hartzerakoan mina ematetik nahigabeko eskumuturreko biraketak eragiteraino.
Eskuarekin oratzerakoan, ukondoaren alboko aldean somatutako min honek kalte egin dezake eguneroko jardun zein jardun profesionalean. Min hori humeroaren alboko epikondiloaren inguruan ematen da eta, eskumuturreko flexioarekin batera, ukondoaren hedapen osoa ematen denean areagotzen da. Erresistentzipeko eskumuturraren hedapenak, eskumuturreko biraketak, bigarren eta hirugarren hatzamarren hedapenak eta oratzeak ere mina eragiten dute.
Alboko epikondilalgiaren ezaugarri klinikoen artean minik gabeko oratze-indarraren gutxitzea, alboko epikondiloan haztapena egiterakoan hiperalgesia (minarekiko sentikortasunaren areagotzea), defizit neuromuskularrak, goiko gorputz-adarren erreakzio-denbora motelagoa eta oratzerakoan eskumuturraren jarreraren asaldapena daude besteak beste.
Alboko epikondilalgiarentzako lehen aukerako tratamendua terapia kontserbatzailea da, paziente gehienak kirurgiarik gabe sendatzen baitira gaixotasunaren lehenengo agerpena eta urte batera. Beraz, kroniko bihurtzeko joera duen patologia izanik, garrantzitsua da tratamendua goiz hastea.
Jarraitu beharreko beste tratamenduei dagokienez, kasu gehienetan minaren murrizketa bat lortzen da eskuzko terapia eta ariketak batera erabilita. Eskuzko terapiarekin mina gutxitzea lortuko dugu eta ariketekin berriz, gihardura indartu, mugikortasuna hobetu eta minaren sentsazioa gutxitu. Guzti hau burutu ahal izateko, gaixoaren hezitzeaz baliatuko gara prozesua betikotzen edo larriagotzen dituzten jarduerak saihestuz. Heziketaren barne, jarrera-higieniko eta mugimendu ezberdinen egokitzapena egiteko prozedurak ere hartuko ditugu.
Beti bezala, aldez aurreko balorazioa egitea beharrezkoa izango dugu ukondoko minaren jatorria zein izan daitekeen zehazteko eta honen arabera tratamendu bat edo beste erabaki eta jarraitzeko.
ERREFERENTZIAK
- Day, J., Dale, R. and Kennedy, E., 2022. Home Exercises Versus On-Site Rehabilitation in the Management of Lateral Elbow Tendinopathy: A Critically Appraised Topic.
- Journal of Orthopaedic & Sports Physical Therapy. 2022. Immediate Effects of 2 Types of Braces on Pain and Grip Strength in People With Lateral Epicondylalgia: A Randomized Controlled Trial | Journal of Orthopaedic & Sports Physical Therapy. [online] Available at: <https://www.jospt.org/doi/10.2519/jospt.2014.4744> [Accessed 2 March 2022].
- Vicenzino, B., 2022. Lateral epicondylalgia: a musculoskeletal physiotherapy perspective.
- Zunke, P., Auffarth, A., Hitzl, W. and Moursy, M., 2022. The effect of manual therapy to the thoracic spine on pain-free grip and sympathetic activity in patients with lateral epicondylalgia humeri. A randomized, sample sized planned, placebo-controlled, patient-blinded monocentric trial.